LAUREL AITKEN
Musikarako jaio eta musika eginez hiltzen diren abeslariak asko dira. Gehienak itzalean, bizimodu apala dute eta hiltzen direnean ez dute Tb zein irratietako albistegiak irekitzen. Ez da behar ere. Laurel Aitken musikaz eta musikarako bizi izan zen. Ska musikaren sortzaile eta bultzatzaile nagusietakoa izan zen eta jamaikar musikaren sua, mundu osora zabaldu zuen. Jarraian datorrena musikari handi honi egin nahi diogun omenaldi xumea da. Mila esker Laurel.

Biografia
1925-eko apirilaren 22an Cuban jaiotzen da. 1938an, 13 urte dituela, bere bost anai arrebekin (Bobby Aitken gitar jolea tartean) Jamaikara doa bizitzera. 40. hamarkadan, oraindik haurra dela, turistentzako calypsoa abesten irabazten ditu xoxak. 15 urterekin Vere John´s-en “Opportunity Hour” izeneko jaialdia irabazten du aste batzutan jarraian. Denborarekin irlako klub edo areto ospetsuenetan abestuko du eta lehena izango da R&B-Shuffle-Calypso doinuak grabatzen (Roll Jordan Roll, Boogie Rock, Little sheila edo Boogie In My Bones bezalako kantuak). Hauetako kantu batzuk, beranduago Island diskoetxeko nagusia izango zen Chris Blackwell-entzat grabatuko zituen. 1958-1960 urte artean, Jamaikako ekoizle garrantzitsuenentzat grabatu zituen Ska aurreko kantuak, Shuffle estiloan. Horien artean, Bartender eta Brother David abestiak Ken Khouri-rentzat; Judgement Day, More Whisky, Mighty Redeemer edo Zion Duke “The trojan” Reid beldurgarriarentzat eta Remenber My Darling, The Saint, I Shall Remove, What a wheeping, Zion City eta In My Soul Leslie Kong-entzat.
Ska ren sorrera
1962an Jamaikak independentzia lortzen du. Azkenean, teorian bada ere, Britaniar Imperiotik aske da nahiz eta Commonwealth erakundearen barnean mantendu. Urte alaiak dira, Jamaikarrek itxaropenez agurtzen dute independentzia, bizimaila hobea ekarriko dielakoan. Musikalki alaitasun hori ska musikan isladatzen da, munduko musika alai eta dantzagarrienetakoa. Horrela azaltzen zituen Laurel-ek ska musikaren sorrerak: “50. hamarkadan, Jamaikan gehien bat, Ameriketako Estatu Batuetako musika entzuten zen, New Orleans-etik iritsitakoa bereziki. Irrati bidez edo Coxsone Dodd-ek antolatutako sound systemetan boogie boogie-a entzuten zen gehienbat. Coxson-i asko gustatzen zitzaion New Orleans-eko musika eta hori zen modako dantalekuetan entzuten eta dantzatzen zen musika. Boogia eta ska oaso antzekoak dira. Kitarraren riff antzekoa dute. Laburbilduz, ska musika, 50. hamarkada bukaeran, jamaikarrek, AEBetatik iritsitako musikari egindako egokipena da”.

Urrezko Aroa
Jamaikan zuen arrakastak lagunduta Londonera joan zen 1960ean eta bertan, Blue Beat zigiluarekin, Sixty Days and Sixty Nights, Marylee eta Lucille bezalako kantuak grabatu zituen.
1963an, Jamaikara itzuli eta berriro Duke Reid ekioizlearekin Weary Wanderer eta Zion bezalako kantuak grabatu zituen. Kantuok ere Blue Beat zigiluarekin kaleratu ziren Ingalaterran. 1966-1968 urte artean, Londonera itzuli eta Graeme Goodall´s-en Rio Records zigiluarekin 20 bat kantu grabatu zituen; horien artean, Adam & Eve, Bad minded Woman, Leave Me Standing edo We Shall Overcome. 1969an Pama Records diskoetxearen azpi-zigilua zen Nu Beat zigiluarekin beste artistentzako kantuak konposatzeari ekingo dio. The Classics taldearentzat konposatutako Souls Of Africa kanta da horren adibide. Sortzaile modura lan egiten duen urte aberats hauetakoak dira; besteak beste, Woppi King, Haile Selassie, Landlords and Tennants, Jesse James, Skinhead Train, Rise & Fall, Fire In Me Wire eta Pussy Price gatazkatsua. Urte hauetan osatzen da Laurel Aitkenen legenda eta garai honetan abestu eta konposatutako kantuei esker, bere musikak bizirik dirau skinhead eta mod zaletuen artean. Urte hauetan Laurel, Jamaikar musika zabaltzeko lan handia egin zuen eta promotore lanetan adibidez, lehena izan zen, Prince Buster Europara ekartzen. Garaiko talde gazteentzat ere erreferente bilakatu zen, Symarip taldekoentzat maisu bilakatuz adibidez.

Laurel beterano. (De Mbdortmund -CC BY-SA 3.0).
80-90 hamarkadak
80. hamarkada Rudi Got Married kantu arrakastatsuarekin hasi zuen, Arista multinazionalarekin kaleratua eta Ingalaterrako Top 40 UK arrakasta zerrendatan lehen postuak lortuko zituena. Ondoren iritsiko zen Ska musikaren berpiztea Europan, 2 Tone garaiari esker, eta honek etengabean zuzenekoak eskaintzeko aukera eman zion. Era berean, UB 40 reggae taldeak, Guilty kantuaren bertsio arrakastatsua egin zion.
90. hamarkada, garai zaila izan zen Laurel Aitken-entzat. Ska musikaren aitaordea bezala kontsideratua; Amerika, Japonia eta European zehar etengabeko birak eskaini ditu eta kantu berriak konposatu baino zuzenekoak ematera mugatu da. Hamarkada amaieran, harreman estua sortu zen Laurel Aitken eta espainiar estatuko hainbat taldeen artean. 1999an Skarlatines taldearekin batera “Laurel Lorenzo Aitkek en español” izeneko diskoa kaleratzen du, ska kantuak erdaraz abestuak. Euskal Herrian ere askotan izan dugu kontzertuak eskaintzen, baita euskal ska reggae taldeen musikariekin ere.

Laurel Aitken “Superstar”
Laurel Aitken 2005eko uztailaren 17an utzi gintuen. Hil aurretik, azkenekoa izango zen disko honetan egon zen lanean. Superstar izenarekin, Liquidator diskoetxe madrildarrak kaleratu berri duen lan honetan, Laurel Aitken-en kantu ezezagunak aurkituko ditugu. Eta harrigarriena da, Laurel Aitken, ska musikaren aitaordea bezala kontsideratu bada ere, disko honetan ez ditugula ska kanturik topatuko. Biografian aipatzen dugun bezala, Laurel turistentzako calypso kantuak abesten hasi zen eta urte guzti hauetan, jamaikar musikak izan duen garapen osoan parte hartu du. Hori dela eta, Laurel-ek, ska egiteaz gain, rocksteady-a, reggae eta baita soula edo r&b-a egin zituen. Disko honetan horren adibide asko topatuko ditugu. Soul klasikoa, funk erritmikoa edota sustraizko reggar konprometitua. Laurel-en aberastasun musikalaren adibide.
ARITZ SOUND SYSTEM


